Jon Arretxe

1.- BIDAIEI BURUZKO HITZALDIAK:


- Diapositiba eta musikaren laguntzaz:

Sahara eta Mali bizikletaz

1992ko abenduan eta 1993ko urtarril, otsail eta martxoan egin nuen bidaia hau. Marokoko iparraldea, Aljeria goitik behera (Saharako Tanezruft basamortu gordina barne), Mali eta Senegal zeharkatu nituen, Dakarrera ailegatu arte. Guztira ia hiru hilabete eman nituen Afrikan, eta 3.600 kilometro egin nituen bizikletaz. Nire egiazko lehenengo bidaia izan zen, bakarrik eta itzultzeko billeterik gabe egin nuena. Tubabu liburuan kontatu nuen.

Karakorum-eko goi-bidea bizikletaz

1994ko ekain, uztail eta abuztuan, 1.600 kilometrotik gora bizikletaz. Delhitik abiatuta, ipar-mendebaldera jo eta Pakistanen sartu nintzen. Arazo larriak izan nituen beroarekin (40 gradutik gora egunero, gerizpean). Karakorum-eko goi-bidean zehar, Kunjerab mendatea gainditu (ia 5.000 metro ) eta Txinan sartu nintzen. Bizikleta Kashgarren saldu ondoren, autobusez eta trenez jarraitu nuen Pekineraino, eta handik Moskura transiberiarrean joan nintzen.

Amazonastik Mato Grossora bizikletaz

1995eko ekain, uztail eta abuztuan, 3.000 kilometrotik gora bizikletaz. Manaus-tik Cuiabara joan nintzen pedalei emanez, oihan tarte arriskutsu samarrak igaroz. Han larri ibili nintzen jaguarren erruz. Kaimanez eta hegazti bitxiz beteriko Pantanal ere zeharkatu nuen. Gero autobusez jarraitu nuen, eta barkuz jaitsi nintzen Madeira ibaitik. Oihaneko indioekin ere kontaktua izan nuen. Tuparen seme-alabak liburuan kontatu nuen bidaia.

Sumatra bizikletaz

1996ko uztail eta abuztuan, ia 2.000 kilometro bizikletaz. Urte batzuk geroago tsunamiak erabat hondatuko zuen Sumatrako iparraldea zeharkatu nuen bidaia hartan, batzuetan kostalde berotik, beste batzuetan barrualde basatitik. Toba lakuan egotaldia egin nuen, Merapi sumendira igo nintzen…

India eta Nepal bizikletaz

1997ko urri, azaro eta abenduan, 2.300 kilometrotik gora bizikletaz. Manalitik abiatuta, India budistan sartu nintzen, neguaren hurbiltasunaren eraginez isolatzen ari zen garaian. Munduko herri altuenetatik pasatuz, zenbait monasteriotan hartu nuen ostatu. Gero Nepalera jo nuen, eta handik Varanasi hiri santura eta Kalkutara joan nintzen. Oroituz nobela idatzi nuen bidaia hartan inspiraturik.

Amazoniako herriak

1999ko urtarril, otsail eta martxoan. Ia hiru hilabete eman nituen Brasilgo Amazonian. Munduruku eta Apurina indioekin asteetako egotaldiak izan nituen, oihanaren barruko eremu debekatuetan. Haien bizimodua eta ohiturak ezagutu ahal izan nituen, eta zenbait zeremoniatan –aiahuaskarenean, esaterako- parte hartu ahal izan nuen.

Istanbuldik Teheranera bizikletaz

2001eko urri eta azaroan, 2.500 kilometrotik gora bizikletaz. New Yorkeko Dorre Bikien kontrako atentatua gertatu eta gutxira egin nuen bidaia. Istanbuldik abiatu eta, Itsaso Beltzaren kostatik lehenik eta Kurdistanen zehar gero, Irango mugaraino iritsi nintzen. Baimena lortzeko trabak gaindituta, Iranen sartu eta Teheraneraino heldu nintzen bizikletaz. Horri esker barru-barrutik ezagutu ahal izan nuen aurreiritziz beterik ikusten dugun mundu islamista. Ekialdeko Mamuak liburuan kontatu nuen bidaia.

Burkina Faso bizikletaz

2004ko urtarril eta otsailean, 1.500 kilometro inguru bizikletaz. Batere turistikoa ez den Burkina Faso ezezaguna zeharkatu nuen bizikletaz, Uagadugu hiriburutik abiatuta. Jendearen abegi ona eta harrera jatorra aprobetxatuz, XXI mendeko Afrika Beltza zer den barru-barrutik ezagutu ahal izan nuen. Sahelgo azoka ikusgarriena daukan Gorom-Gorom eta hainbat artistaren sorlekua den Bobo-Diulaso bisitatu nituen. Griot liburuan kontatu nuen bidaia.


- Ordenadorez (Power-point):


2.- LIBURUEI BURUZKO HITZALDIAK: