Jon Arretxe

Lurraren taupadak (2001)

- Editorearen oharra:

Aturi du izena eleberriko protagonistak, Amazoniako Mukaxi tribuko oihandarrak, alegia, eta bere ahotik entzungo dugu, zehaztasunez eta sentimenduz, bere familiaren, bere tribuaren eta bere inguruaren berri. Mitologiatik abiatu eta gaur-gaurkoak diren arazoetaraino, ekintzaz beteriko ibilbidea egingo dugu Aturiren eskutik. Bizinahia, heriotza, maitasuna, borroka, elkartasuna… eta beste hainbat gertakari eta sentipen tartekatuko dira oihanaren bihotzetik mintzo zaigun mukaxitarraren elean.

- Egilearen oharra:

Lurraren taupadak abentura nobela da, edonorentzat egokia, nahiz eta gazte literaturaren sailean argitaratu zen. Amazoniara egindako hiru bidaia luzeetatik hartu nituen ideiak nobela hau sortzeko. Bigarren bidaian egotaldi luze samarra izan nuen oihanaren barru-barruan Munduruku eta Apurina indioekin, eta haien ohiturak eta bizimodua ezagutzeaz gain, zeremonia sekretuetan parte hartzeko pribilegioa ere izan nuen. Nobelan mundu magiko hori islatzen da, bai eta indioentzat kanpoko mundua, zuriena, deskubritzea zein hondagarria izan zen ere.

Lurraren taupadak hautagaien artean egon zen Espainiako gazte literaturako sari nazionalerako. Zatirik handiena Amazoniara egin nuen hirugarren bidaian idatzi nuen, Peruko Puerto Maldonadon.

Erosi nahi?

Atzera