Jon Arretxe

Ekialdeko mamuak (2002)

- Editorearen oharra:

New Yorkeko Dorre Bikien erasoaren ostean iritsi da bidaiaria Istanbulera, handik Teheranera joateko asmoz, Turkia eta Iran bizikletaz zeharkaturik, 2.5000 kilometroko txangoan. Aspaldidanik zeukan gogoan bidaia hori egitea, baina beldur da orain, Ekialde Hurbilean ibiltzeko sasoi egokia ote den, nola hartuko ote duten mendebaldar bakarti bat amerikarrak Afganistan bonbardatzen ari diren bitartean.

Mamuak uxatu ezinda ekingo dio ibiliari, baina buruan hartuta bere begiz ikusi behar dituela gauzak, aurrez aurre ezagutu jendea. Aurrera egin ahala, berriz, zabalik topatuko ditu urrundik begira itxirik ziruditen ateak; horrela ezagutuko ditu hainbat lagun, haien tea hartu, mintzatu, haien amets eta kezkak aditu, haien bihotzen berri jakin…

Aski ezaguna da Istanbul; ezezagunagoa Turkiako barnealdea eta Kurdistan menditsua; misterioz jantzia ageri zaigu Irango gizartea, eta sekreturik gordeena da bertako emakumeen bizimodua: gero eta mundu ezkutuagoak erakutsiko dizkigu horrela Jon Arretxek, sentiberatasunez eta hitz erdikako sujerentziaz, irakurleok ere amets egin dezagun, eta irudimenaren bitartez lurralde haietara bidaiatu.

- Egilearen oharra:

Liburu hau Turkia eta Iranen zehar egin nuen bidaiaren kronika da. Beldurturik abiatu nintzen Istanbuldik, aldi hartan, New Yorkeko atentatu itzelan ondoren, Mendebalde eta Ekialdearen arteko tentsioa bizkor handitzen ari baitzen. Ez neukan batere argi zelan hartuko ninduten giro hartan Turkiako barrualde islamistan, eta are beldur handiagoa ematen zidan Iranen sartzeak, turkiarrek eurek gomendatzen baitzidaten inola ere ez jarraitzeko harantz, irandarrak fanatiko hutsak zirela eta jarrera oldarkorraz hartuko nindutela.

Beti pentsatu dut horrelako aurreiritziak baztertu eta norberak ikusi behar duela, bere begiez, errealitatea zein den. Konbentzimendu horrek eman zidan adorea aurrera jarraitzeko.

Erosi nahi?

Atzera