Jon Arretxe

Griot (2004)

- Editorearen oharra:

Ez da aldatzen soilik kontinentea, eguraldia, paisaia. Pertsonen jarrera, aurpegiak eta harremanak ere desberdinak dira Afrika beltzean, bidaiaria berehala ohartzen denez: irriak zabalago, mugimenduak pausatuago, begiradak adiskidetsuago… Dena ez da edera ordea: etorkizunerako itxaropen ezak zimeldu egiten ditu askoren ametsak eta bizitzak; emakumea zapaldurik bizi da, lanez eta umez zamatuta, ezertarako eskubiderik gabe; lan, hezkuntza edo osasun-baldintzak ez dira behar luketenak.

Afrikara itzuli da Jon Arretxe. Bizikletaz ibili da, ohi bezala, herriz herri, tokian tokiko jendearekin biziz eta hitz eginez. Oraingoan, baina, ez digu kontatuko bere ibiliaren xehetasunik: bertako gizon-emakume, haur eta zaharrek hartzen dute protagonismo osoa, eta pertsonaien galeria aberats bezain maitagarria osatzen dute: Issouf, Sadou, Aso, Kadi, Rainatou, Yassia… Nork bere bizikizun eta sentimenduak azalduko dizkigu, bere pozak eta penak sumatuko ditugu, eta horien bitartez, gure gizartearen ifrentzuaren bistan, geure buruaz galdetzera eramango gaituzte.

- Egilearen oharra:

Burkina Faso ez du ia inork ezagutzen gure artean. Ez dauka kostalderik, ez mendi ederrik, ez monumentu miresgarririk ez ohiko turismoa erakartzeko inolako arrazoirik. Eta agian horregatik, oso herrialde interesgarria da, afrikar-afrikarra oraindik, onerako nahiz txarrerako.

Aljerian eta Malin ibili ondoren bidaia asko egin nituen Amazonian nahiz Asiako herrialde ugaritan, baina Tubabu-n kontatu nuen bidaia haren gomuta oso ona zen, gogo handia neukan kontinente beltzera itzultzeko, eta Gasteizen bizi den Aisha burkinafasoarra ezagutzea izan zen aitzakia ezin hobea nire asmoa errealitate bihurtzeko.

Aisharen neba Issouf zain neukan Uagaduguko aireportura heldu nintzenean. Issoufek bere familia eta bere lagunak aurkeztu zizkidan, eta lehenengo momentutik kontaktu zuzen-zuzena izan nuen afrikarrekin. Gero bigarren eskuko bizikleta erosten lagundu zidan eta tramankulu horretan abiatu nintzen Burkina Fasoko iparralderantz, plan zehatzik gabe.

Bide eginez makina bat pertsona interesgarri ezagutu nituen, batzuk euren bizikleta zaharrekin elkartzen zitzaizkidan bidean, beste batzuek euren etxeak eskaintzen zizkidaten. Pertsona haiek kontatutako egiazko istorio harrigarri, triste zein maitagarriak dira Griot kronika-liburuaren ardatza. Liburuko ilustrazio ederrak Cristina Fernandezenak dira.

Erosi nahi?

Atzera