Jon Arretxe

Xahmaran (2009)

- Editorearen oharra:

Istanbulgo etxe otomano hondatu bat bizileku, gurpildun aulkian preso, Kawa-ren amak egunero ekartzen ditu gogora Ararat mendipeko edertasunak, kurduen leiendak eta leku sakratuak, eta han hil zizkioten senar eta bi seme gerrillarien oroitzapenak. Bien bitartean, eta amaren ezkutuan, jendea akabatzea du Kawa-k ogibide, beti ere enkarguz eta arrazoiak ezagutu gabe.

Baina ohikoak ez bezalako hilketa baten ondorioz, gauzak gaiztotzen hasiko zaizkio Kawari, larritasuna jabetuko da berataz eta bere munduaren oinarriak pitzatzen hasiko dira. Bere ama zahartu eta ezinduarengatik ez balitz, alde egingo zuen Alemaniara, geratzen zaizkion anai-arreben bideari jarraituz. Izan ere, Xezal, etxeko alaba bakarra, eta Baran, anaia nagusia, Munichen daude aspalditik, xenofobiaz kutsatutako gizartean bizirauteko ahaleginetan, nor bere erara.

Jon Arretxek ohikoa du bere liburuen bidez beste kultura batzuk erakustea, irakurlea urruneko eta ez hain urruneko hirietan zehar eramatea, bidaia-gidetan agertzen ez den errealismoa eta giza alderdia landuz. Nobela beltz honek Istanbul eta Munich ditu kokaleku, desberdintasun guztien gainetik harreman estua daukaten bi hiri. Aberri lapurtuaren grina, biziraupenerako borroka, idealak eta desengainuak… hori eta gehiago da Xahmaran, ohoretik desohorera doan bidaia

- Egilearen oharra:

 

Beti izan ditut gogoko zinema eta literatura beltza. Beti izan dut gogoko bidaiatzea, urruneko bazterrak arakatzea, toki horietako pertsonekin berriketan jardutea, euron ahozko literatura eta leiendak ezagutzea…

Xahmaran sortzerakoan aukera izan dut nire zaletasun horiek guztiak bateratzeko. Munduko hiri eder eta berezienetako bat da Istanbul eta horixe du liburuak kokagune nagusi. Bestalde, Kurdistanen daukate jatorria Kawak eta bere amak, Noeh-en Arka lurreratu omen zen Ararat mendiaren barrenean, duela zenbait urte bisitatu nuen lurraldean. Baina familiakide gehienek, errealitatean gertatu ohi den bezalaxe, alde egin behar izan zuten zori hobearen bila, batzuek Istanbulera eta beste batzuek Alemaniara.

Bost bidaia egin ditut azken hilabeteotan Xahmaran idazteko helburuaz, edo, agian, aitzakiaz. Hiru aldiz egon naiz lehendik nahiko ondo ezagutzen nuen Istanbulen, eta bi aldiz Munichen; portatila motxilan, beti ere. Nire begiek ikusi dutena aprobetxatu dut istorioa osatzeko, eta, horrez gain, hainbat lagunen jatortasunaz baliatu naiz nobela datu sinesgarriz janzteko: Munich aldean bizi diren senideez, Istanbulen ditudan kontaktuez, Kurdistanen bizi eta hango kultur mugimenduari lotuta dagoen lagun kurdu batez…

Aspaldi honetan, idazle zereginetan, nobela beltzari emanda nago, ia “bidai nobela beltza” deitu litekeen estiloari. Duela bi urte Morto Vivace idatzi nuen eta Paris izan zen kokagunea. Iaz Fatum argitaratu nuen eta Lisboa izan zen pertsonaia nagusia, Mario Barbosarekin batera. Oraingo honetan apur bat urrunago joan naiz Xahmaran osatzeko. Izenburutzat kurduen izaki mitologiko nagusienetako bat daukan nobela beltz gordin honek Asia eta Europa lotzen ditu, Istanbulgo zubiek legetxe.

Erosi nahi?

Atzera