Jon Arretxe

7 Kolore (2010)

- Editorearen oharra:

Ostarku gainetik ibiliz legez, obra honek kolorerik kolore eta emoziorik emozio garamatza. Zazpi dira atalak: beltza, grisa, horia, gorria, berdea, urdina eta zuria. Beltzak eta zuriak, hurrenez hurren, ibilbidearen hasiera eta amaiera markatzen dituzte, eta agerian uzten dute zein desberdina den heriotzaren ikuspegia kultura desberdinetan: bidearen amaiera iluna Mendebaldean, edo beste argi bateranzko abiapuntua Ekialdean.

Atalak osatzen dituzten narrazioek idazlearen egiazko bizipenak kontatzen dituzte, munduan zehar ikusitako errealitate desberdinak. Egoera gogoangarri asko daude, batzuk tristeak, beste batzuk pozgarriak, edo beldurgarriak, edo esperantzatsuak… Pertsonak dira nagusi narrazioetan, hamaika mundutako biztanleak, zerbait kontatu edo erakutsi beharra daukatenak, edo euren begirada hutsaz unibertso oso bat adierazten dutenak.

Baina narrazioez gain bestelako osagarriak dakartza 7 kolore honek. Izan ere, atal bakoitzak bere kolore eta ilustrazioak ere badauzka; eta bere musika ere bai, piano eta ahotserako beren beregi sortua eta CD baten bildua. Soprano batek, tenor batek eta baxu batek ipintzen diote doinua kolore bakoitzari, piano-jolearen laguntzaz.

7 kolore obra hirukoitza da, azken finean: idazle baten, ilustratzaile baten eta musikagile baten elkarlanaz sortutakoa.

 

- Egilearen oharra:

Amets bat gauzatu zait obra honekin. Aspalditik nerabilen buruan testuak, koloreak eta musika batuko zituen obra orokor bat sortzea eta azkenean lortu dut, jende askoren laguntzari esker. Batetik Erein argitaletxearekin egon behar dut esker onez, arrisku handia hartu baitu honelako lan bat argitaratzerakoan. Bestetik, Francisco Ibañez Oiongo konpositore itzaltsuaren lana aipatu behar da, lan itzela eta desinteresatua, nire bidaia-testuak eta Cristina Fernandezen ilustrazioak musika bihurtzea lortu baitu, ezin hobeto asmatuz kolore bakoitzaren sentimendu eta esanahiarekin. Interpreteak ere aipatu behar ditut, jakina, hauek ere hutsaren truke egin baitute lan, pianoa jotzeko trebetasuna (Iñaki Belasko) eta kantatzeko dohaia (Enrique Campos tenorra eta Olatz Saitua sopranoa) oparituz. Denak ere lagunak nituen edo kontserbatorioko irakasleak, edo gauza biak batera, eta ez zait inoiz ahaztuko egin didaten opari hau. Emaitzak merezi izan duelakoan nago, denon artean denboran zehar luze iraungo duen obra bat sortu dugula uste dut.

Erosi nahi?

Atzera