Jon Arretxe

Larunbatak (2001)

- Editorearen oharra:

Hogei urteko gazteek parranda izaten dute uneoro buruan, eta asteburuaren zain egon gabe ostegunetan bertan irteten dira, trago eta berriketa artean zer lortuko. Hogeita bost urtetik aurrera, ikasketak bukatzearekin batera bidegurutze bat topatu ohi du jendeak bere aurrean: lan-mundu serioan behin betiko eta buru-belarri sartu, ala lehengo bizimodu ganorabakoa luzatzen saiatu; astean zehar beste eginbehar batzuk dituztela-eta, ostiraletan atera ohi dira kalera,tabernaz tabernako ibileran zer edo zer harrapatu nahian.

Hogeita hamarrak bete eta gero, azken mohikano batzuk gelditzen dira, gaztaroaren apurrei nola-hala eutsi guran, harearen moduan esku artetik alde egin baino lehen. Ikasle garaian bezala taldekako pisuetan bizi dira, egunean egunekoari helduz, bohemiaren eta marjinaltasunaren artean mugituz, eta, beren betigazte iraun nahi horretan, patetiko samarrak gertatzen dira.

Jende-mota hori da Larunbatak liburuko protagonista nagusi, beste hamaika gizon-emakume bitxirekin batera, guztiak ere txakur bihurri baten begirada ironikoaz ikusiak. Izan ere, Txo deritzan txakur adar-jotzaile hau bihurtu du Jon Arretxek bere azken nobelako gidari eta kontalari, trilogia arrakastatsu bati amaiera gogoangarria emateko.

- Egilearen oharra:

Jende askotxok proposatu dit Igandeak, Astelehenak eta abar idaztea, Ostegunak-ekin hasitako sagaren arrakasta aprobetxatzearren, baina nik hasieratik eduki nuen argi hura umorezko trilogia izango zela, eta halaxe geratuko da. Larunbatak nobela da, trilogiaren azken atala, eta Ostegunak eta Ostiralak ipuin-bildumetan bezalako umore gordina erabili nuen. Beharbada gordinagoa, Larunbatak-eko narratzailea Txo txakurra izanik, beste elementu batzuk sartu bainituen, hala nola zenbait zoofilia eszena. Gasteizko kaleetan kokatzen da liburu hau ere, aurreko biak bezala, eta hogeita hamar bat urteko sasigazteak dira protagonista nagusiak, gaztetxoen giroetan jarraitu nahi eta ezinean dabiltzanak.

Liburu honetan (eta aurreko bietan) denari egiten zaio barre konplexu barik, eta ia bizitzaren parodia dela esan liteke.

Erosi nahi?

Atzera