Jon Arretxe

Morto vivace (2007)

- Editorearen oharra:

Uztailak 14, festa nazionala Parisen, eta gaua ospatzeko Sena ibaian doaz Miarritzeko opera-korukoak, bateau-mouche batean afaltzen eta kantari. Bat-batean, baina, haietako kide baten gorputz txikitua agertuko da ur gainean.

Perrot eta Martinez inspektoreak arduratuko dira heriotza argitzeaz; bata beltza da, bestea magrebtarra, Pigalle auzoko giroa askotxo gustatzen zaien polizia gogorrak biak. Lanean hasi bezain laster, ordea, katramilatu egingo zaie ikerketa, gertakari berri eta ezustekoak direla-eta.

- Egilearen oharra:

Baneuzkan idatzita bi nobela beltz: Manila konexioa eta Kleopatra, baina haiek parodiak ziren, komikiaren logikatik ulertu beharreko nobelak. Morto Vivace-n, ostera, beste bide batetik jo nuen eta klasikoa deitu genezakeen nobela beltz bat sortzeari ekin nion.

Trama Parisen kokatzen da. Erritmo patxadatsuaz hasten da, hiriko ingurunerik dotoreenean, Sena ibaian dabilen barku baten egiten ari den afari luxuzkoan. Baina berehala gorpu bat agertuko da, eritmoa bat-batean bizkortuko da eta tramak hiriaren beste mutur soziologikoraino eramango gaitu, honelako nobelak garatzeko egokiagoak izan daitezkeen bazterretaraino: Pigalle aldeko prostituzio-guneak, afrikar jatorriko etorkinak pilatzen diren auzoak: Chateau Rouge, La Goutte d'Or, Saint Dennis…

Morto Vivace-ren zati handi bat Parisen bertan idatzi nuen, Pigalle plazatik metro gutxira kokatutako ostatu ez lar dotore baten, eta oso lagungarria izan zitzaidan egonaldi hura inspiratzeko, eten barik topatzen bainituen kalean libururako behar nituenak bezalako pertsonaiak.

Erosi nahi?

Atzera