Jon Arretxe

Fatum (2008)

- Editorearen oharra:

 

Lisboako bazter ilunenak garbitzen ari da norbait: kalean dabiltzan prostituta zaharrak, jonkiak, eskale eta arloteak hilik agertzen hasi dira; horietako bat zen Mariza, eta hiltzailearen bila ekingo dio haren adiskide Mario Barbosak.

Polizia ohi eta fado-kantaria,cachaça-edale eta bihozbera, Mario Barbosa da istorio honetako pertsonaia berezi eta ahaztezinetako bat. Bestea, berriz, Lisboako hiria bera, bertako aldapa eta tranbiak, kale estu eta begiratokiak, maitemintzeko nahiz hiltzeko aproposak izan litezkeen txoko ezkutuak...

- Egilearen oharra:

"Morto Vivace" argitaratzea proba bat izan zen, eta emaitzarekin gustura geratu nintzenez, estilo berdintsuko bigarren nobelari ekitea erabaki nuen. Emaitza "Fatum" izan da, nobela beltz klasikotzat hartu genezakeena, eta bidai literaturaren zenbait zertzelada ere badaukana. Hemen protagonista nagusiak Mario Barbosa eta Lisboa bera dira. Barbosa poliziatik bota zuten ustelkeria zela eta. Orain Mouraria auzoko pisu hondatu baten bizi da, cachaça-botila lagun, eta gauetan fadoak kantatzen ditu Alfamako jatetxe txiki baten, soldata miserable baten truke. Gizon sentibera da, emakumezkoak idealizatuta ditu, bere hiria ere bai. Bizitzak ez dio asko lagundu eta patuaren ideiaz menperatuta bizi da. Egun baten bere azken amodioari, Mariza prostitutari, lepoa moztuko diote, eta hor abiatuko da istorioa.

Lisboa asko estimatzen dudan hiria da. Sarritan egon naiz han; 2008 urtean zehar hiru aldiz, guztira hilabete inguru, hiriaz gozatzen, inspiratzen eta idazten. Oso hiri literarioa dela uste dut eta asko lagundu dit liburua idazten. Fatum-eko pertsonaia gehienak sortzeko ideiak han hartu nituen, neure burua murgilduz auzo zaharretan, fado-etxeetan afalduz, 28. tranbian mila bidaia eginez...

Erosi nahi?

Atzera