Jon Arretxe

Ostegunak (1997)

- Editorearen oharra:

Euskal literatura serioa iruditzen zaizula? Ez zarela inoiz dibertitzen liburu bat irakurtzen? Orduan ez duzu "Ostegunak" ezagutzen. Jon Arretxeren azken lan hau umorearen, "desmadrearen", ondo pasatze axolagabearen apologia hutsa duzu, alde guztietatik.

Izenburua, estudiante asko biltzen diren hirietako girotik dator: ostegunekoa da ikasle horiek asteburuan etxera itzuli aurretik bertan pasatzen duten azken gaua, eta zuku guztia atera nahiko diote; denak kalera atera eta hantxe hasten dira poteoa, parranda, ligatzeko ahaleginak eta bestelako erokeriak. Bost ipuinetan zehar, era guztietako pertsonaia eta egoera xelebreak agertuko zaizkizu: gaueko parranda giroan "tunoen" konpetentzia jasan ezin duen koadrila baten gorabeherak, bere maitasun platonikoarekin oheratzeko estrategiak lantzen dituen gizajoa, bertako neskekin ezin eta ligatzeko asmoz Aste Santuan Malagaraino jotzen duen lagun taldea, azken ordura arte batere ikasi ez eta azterketa bezperan txuletak egiten hasten den ikaslearen estuasunak, etxe azpian bizitzera atso marmarti bat datorkien pisukideen larrialdiakā€¦

Hizkuntza erraz eta zuzen batean idatziz eta umore batzuetan zoro besteetan beltz eta krudel bat erabiliz, atseginez eramango zaitu Arretxek bere istorioetan barrena, eta atsegin hori beteagoa egiten da amaiera bokoitzean espero ez duzun ustekabea topatzean. Hitz batean esateko, bere alaitasun eta ganoragabekeria honekin, bizipoza dario bilduma osoari, eta halakoxea da bukaeran uzten duen gustu ederra.

- Egilearen oharra:

Niretzat esperimentua izan zen Ostegunak idaztea. Lehenago bospasei liburu neuzkan idatzita, denak bidaia-liburuak eta denak serioak. Baneukan gogoa gai eta estiloz guztiz aldatzeko eta ganberrada batekin probatzea bururatu zitzaidan.

Egia esan, ez nuen inola ere espero liburu honek izan duen arrakasta (40.000 aletik gora salduta euskaraz). Gainera, harrerarik onena gazteen artean izan omen du, nahiz eta nik ez idatzi gazteengan pentsatuz. Fikziozko narrazioak izan arren, inspirazio-iturri nagusia nire Gasteizko estudiante-bizitza luzea da.

Liburu honek oso harrera kontrajarriak eragin ditu irakurleen artean: batzuentzat kaka hutsa da, beste batzuentzat sekulako harribitxia. Nik ez dakit Ostegunak oso ona ala oso txarra den, baina niretzat mugarri moduko bat bilakatu zen. Umorezko trilogia baten lehenengo atala izan zen (Gero Ostiralak eta Larunbatak etorriko ziren), eta handik aurrera bestelako lanak utzi eta idazte hutsetik bizitzeko pribilegioa izan nuen.

Erosi nahi?

Atzera